BILDUMA HIZTEGIA

abortatzeko eskubide (eu)

Feminismoa



Emakumeek haurdunaldia borondatez eteteko duten eskubidea. Estatu bakoitzak bere legeria du, baldintza eta epe zehatzekin, batzuk malguagoak eta beste batzuk zorrotzagoak. Herrialde batzuetan, legez kontrakoa da abortatzea.



Ipar Euskal Herrian, 1975eko urtarrilaren 17tik aitzina dute emakumeek abortatzeko eskubidea; eskubide hori bermatzen duen legeari Veil legea deritzo, Simone Veil Frantziako politikari eta feministak pasarazi baitzuen Frantziako Legebiltzarrean. Hego Euskal Herrian, berriz, 2010eko uztailaren 5etik dute emakumeek abortatzeko eskubidea, martxoaren 3ko 2/2010 Lege Organikoak hala onartuta; lehenago ere, emakumeek bazuten abortatzeko eskubidea, 1985eko uztailaren 5eko 9/1985 Lege Organikoak aitortua, baina soilik kasu hauetan: arrisku fisiko edo psikologikoa bazegoen umekiarentzat edo emakume haurdunarentzat; emakumea bortxaketa baten ondorioz haurdundu bazen; umekiak malformazioak bazituen.

1970eko hamarkadan, abortatzeko eskubidea mugimendu feministaren aldarrikapen nagusia izan zen munduko toki askotan. Euskal Herrian, 1982an Basauriko hamaika emakume eta gizon bat epaitu zituzten, 1968 eta 1973 bitartean egindako abortu edo abortu-saiakerengatik. Mugimendu feministak auzipetuak babestu zituen, eta plazara atera zuen abortuari buruzko eztabaida. Bilboko Auzitegiak bi lagun bakarrik zigortu zituen, abortuak egiteagatik akusatua zegoen emakumea eta emaztea abortatzera bultzatzeagatik auzipetu zuten gizona, eta bi-biek indultua jaso zuten. Fiskalak epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen, eta kasua Espainiako Auzitegi Gorenera eta Konstituzionalera iritsi zen. Auzipetuak erruduntzat jo zituzten, baita zigortu ere, baina ez ziren kartzelara joan, berriro ere indultua eman zietelako. Auzi horrek oihartzun handia izan zuen gizartean, eta funtsezkoa izan zen 1985ean ezarritako legearen aldeko kanpainan.

2014an, ostera, Alberto Ruiz-Gallardón Espainiako Justiziako ministroak abortuaren lege-erreformarako proiektua aurkeztu zuen (Kontzebituaren Bizia eta Emakume Haurdunaren Eskubideak Babesteko Legea), abortatu ahal izateko baldintzak erabat zorroztu eta emakumeen abortatzeko eskubidea nabarmen murrizten zuena. Lege-proiektu berriak alde batera uzten zuen epeen eredua, zeinaren arabera hamalaugarren astera arte baldintzarik gabe aborta baitzitekeen, eta baldintzen ereduari heltzen zion kasu guztietarako, abortatzeko bi arrazoi besterik ez onartuta: batetik, emakumearen osasun fisiko edo psikikoa arriskuan egotea (hogeita bigarren astera arte; hortik aurrera, umeak jaio egin beharko luke, erditzea behartu behar bazen ere); bestetik, bortxaketa bat jasan izana (hamabigarren astera arte, eta betiere haurdunak aurrez bortxaketa salatuta).

Lege-proiektu horrek eztabaida politiko eta sozial bizia piztu zuen. Mugimendu feminista gogor borrokatu zen, eta askotariko protesta-ekintzak eta manifestazio jendetsuak egin zituen estatu osoan, baita Euskal Herrian ere. Azkenean, gizartearen erantzuna ikusita, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak atzera bota zuen abortuaren lege-erreforma.

2015ean, puntu bakar bat jasotzen duen lege-erreforma onartu zuen Espainiako Kongresuak: aurrerantzean, abortatu nahi zuten adingabe guztiek beharko zuten gurasoen edo legezko tutorearen baimena (ordura arte, 16 eta 17 urtekoek ez zuten behar gurasoen baimenik, aski zen haiek jakinaren gainean egotea). Aldiz, otsailaren 28ko 1/2023 Lege Organikoak berriro aldatu zuen du 2/2010 Lege Organikoa, eta, adinari dagokionez, orduko baldintzak leheneratu zituen; beraz, gaur egun, 16 eta 17 urteko neskek gurasoen edo legezko tutorearen baimenik gabe aborta dezakete. Azken lege horrek beste aldaketa batzuk ekarri zituen; esate batera, osasun publikoaren sarean abortua bermatzeko betebeharra, kontzientzia-eragozpenaren erregulazioa, etab.). ).

Nafarroari dagokionez, abortatzeko eskubidea politikoki eta sozialki onartua izateko prozesua Euskal Herriko gainerako lurraldeetan baino gogorragoa izan da eta izaten ari da, tartean baitaude hainbat medikuren kontzientzia-eragozpena, abortu-eskubidea zabaltzearen aurkako posizionamendu politikoak eta abar.

Hiztegi-unitateak